2015(e)ko abenduaren 11(a), ostirala

GIZARTE ETA EKONOMIA

Gizarte‐ eta ekonomia‐maila apaleko haur eta gazteek oso kontuan hartzeko moduko arrisku‐talde bat osatzen dute. Hezkuntza‐sistemara iristeko desabantaila handiak izaten dituzte, eta desabantailok, gainera, are handiagoak izan litezke eskolak ezer egingo ez balu dela hezkuntza‐sistemara iristeko, dela eskolako bizimoduan parte hartzeko, dela lorpen akademikoak erdiesteko ahaleginean ikasle horiek porrot egin ez dezaten. Egoera hori guztiz bidegabea denez, beharrezkoa da eskolan behintzat konponbideren bat aurkitzea.

Desberdintasun‐ edo bazterketa‐egoeraren baten ispilu direnean, aniztasun horietako zenbatek eragiten dien, horiexek izango dira, hain zuzen, kolektibo mehatxatuenak, eta, beraz, hezkuntza inklusiboak haiei eskaini beharko die arreta gehien. Izan ere, aipatutako aniztasun‐mota horiek guztiak ardatz nagusi baten inguruan zertu behar dira: justiziarenean, alegia. Herritarren artean islatzen den aniztasun horrekin tentuz jokatu behar da, eta horixe da, hain juxtu, hezkuntza‐sistemen erronka handienetako bat. Eta, horretan, jakina, denek hartu behar dute parte: irakasleek, familiek, gizarte‐inguruneak eta hezkuntza‐administrazioak ere. 

Irakasleek, ikasleek, familiek eta/edo haien ordezkari legalek, gizarte‐eragileek, den‐denek hartzen dute parte eskola inklusiboan, denen artean osatzen dute komunitateari zentzua ematen dion sarea, eta denen artean eraikitzen dituzte nork bere burua gizarte eta ikastetxe bereko kide sentitzeko moduko guneak. Izan ere, ikastetxea bera ere komunitate bihurtu behar da: esperientzia abegikor, aberats eta askotarikoak bizi izateko moduko testuinguru antolatua, alegia, pertsona oro den horretantxe onartu eta tratatuko duena, eta ikasle guztiei eskola‐jardueretan parte hartzeko aukera emango diena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina