ANIZTASUN FUNTZIONALA
Hizkuntzaren bidezko bereizkeria eredu nagusia aldatu nahian, FVIren baitan "aniztasun funtzionala" kontzeptua sortu zen, "desgaitasun" hitza ordezkatzeko. Biztanleria sektore horren definiziotik negatibotasuna kendu, eta bere aniztasun funtsa indartu nahi izan zuten hala.
Egiaz, kontzeptu hori giza komunitatea ulertzeko modu, ikuspegi edo filosofia berri eta parekideago batean sartzen da, eta "normaltasunaren zibilizazioa"-ren gezurrezko paradigma alde batera uztea proposatzen du. Egun arte indarrean egon den eredu "normalizatzaile"-an, pertsona desberdinei "arazo-kasu" gisa begiratu zaie; izan ere, "anormal"-tzat hartu dira eta, horregatik, artatu, konpondu, "normaldu" edo... isolatu behar ziren. Ez ziren eskubideen subjektutzat hartzen, baina bai arazoen subjektutzat.
Aniztasun funtzionala daukaten emakumeak eta gizonak biztanle gehienak ez bezalakoak dira, ikuspuntu biofisikotik. Ezaugarri desberdinak izanda, eta gizarteak sortutako ingurunearen baldintzak direla-eta, zeregin berberak beste modu batean egin beharrean izaten dira, batzuetan beste pertsona batzuen bitartez. Hala, pertsona gor asko begien edo zeinu eta keinuen bidez komunikatzen dira, gainerako biztanleok batez ere hitzen eta belarriaren bidez egin ohi dugun bitartean; betetzen dugun funtzioa, ordea, berbera da: komunikazioa. Joan-etorriak egiteko, pertsona batek gurpildun aulkia erabil dezake gehienetan, beste batzuek euren hankak darabiltzaten bitartean; funtzio bera modu desberdinetan burututa.
Horregatik, "aniztasun funtzionala" esapidea errealitate bati egokitzen zaio, zeinean pertsona baten funtzionamendua gizarte gehienarena ez bezalakoa baita. Proposatutako eredua planteamendu erraza da, eta erronka iraultzailea dakarkio gizarte kontzientziari: aniztasun funtzionala duten pertsonek giza aniztasunaren beste eragile bat baino ez direla onartzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina